Gomendatu Inprimatu

Elgopebi kasuaren azken epaiaren aurrean Gobernu Taldearen oharra

[Astelehena, 22 Iraila 2014 07:23]

Gobernu taldearen oharra:

Elgopebi kasuaren azken epaia jakinarazi da aste honetan eta esan nahi dugu, lehenik eta behin, harritu egin gaituela epaitegiak egin duen interpretazioa. Justiziak hitz egin du eta erakutsi du sistemak ondo errotua duela diru eta ondare publikoen xahuketa eta erabilera arduragabeak egiten dituztenen inpunitate eta babesa.  

Gure aldetik, atzo bezala, gaur eta bihar gardentasun osoz eta herritarron interes orokorrak defendatzen jarraituko dugu; beti benetako justiziaren bila eta iraganean gertatutako arduragabekeriak zigor gabe gera ez daitezen lanean. Zenbaitzuk mehatxuka ere hasi zaizkigu, egin dena dohain aterako ez zaigula defendatuz. Eta egia da, dagoeneko Elgopebi kasuan 562.194,87 euroko faktura ordaindu du Udalak; hobe esanda, 562.194,87 euro ordaindu dugu Astigarragako herritar guztiok alkate ohi batek ezkutuan eta inolako legitimidaderik gabe sinatutako 'kontratu´ batengatik.

Jo dezagun atzera eta azter ditzagun ahalik eta laburren Elgopebi kasuaren nondik-norakoak:

Elgopebi kasua:

- 1995 urtea: legegintzaldiko azken Plenoko egunean 3 hitzarmen urbanistiko onartzen ziren bitartean, Mikel Zabalak bere bulegoan eta ezkutuan Elgopebiko hitzarmen urbanistikoa sinatzen du. Plenoko hitzarmenak zegozkien txostenekin eta ezkutuan eginikoa bat bera gabe.

-Elgopebiko hitzarmena: Mikel Zabala alkateak Bidebitarte poligonoko lurjabe batekin konpromisoa hartzen du hitzarmen baten bidez kostaldeetako legeak bere partzelan eraikitzeko ezartzen dion ustezko mugaketarengatik eta Udalak jasoko duen sistema orokorreko errepide batengatik konpentsatzeko.

- Errepidea

Esan behar da errepide hori 1994 urtean onartutako hirigintza arauen hasierako planteamenduan eginiko proposamen bat besterik ez zela, geroko eta behin betiko arauetatik desagertu zena. Kontuan izan behar da, hasierako onarpena zuten arau hauek ez zutela inolako derrigortasunik aplikatzen eta benetan indarrean zeuden arauak 1965ean onartutakoak zirela; eta hauetan ere, errepidea ez zegoen. Gainera, Nahiz hirigintza arauak onartuak izan, esan beharra dago, behin betiko onarpena izan arte, arau hauek ez zutela inolako obligaziorik sortzen, behin betiko onarpena egin bitartean (2000. urtean onartu ziren). Hala eta guztiz ere, arau horietan, errepidea aurreikusten zen baina dohaineko lagapen bitartez eskuratzeko.

Errepidea egin, egin zen. Astigartar guztiak 24.000.000 pezeta (144.000€) ordainduaz. Esan bezala, hirigintza legediak onartu gabeko errepidea eta egiteko inolako behar eta presarik ez zegoena. Errepidea, bai, baina inora eramaten ez duen errepidea. Errepideak ez baitu jarraipenik. Orduan, errepidea zertarako? Lur jabearen mesedetarako, noski. Errepideari esker, eraiki beharreko pabilioiari sarrera berriak eman ahal izan zizkion, pabilioia lokal gehiagotan zatitu, eta noski, diru gehiago egin.

- Eraikigarritasun gutxiago

Kostaldeetako legeak ezarritako eraikuntza mugak ez zuten inolako kalte ordainak sorrarazten, goragoko legea izanik, derrigorrez onartu beharreko muga zen, eta noski, kalte ordainik gabe onartu behar ere. Udalaren aldetik, Mikel Zabala alkate zela ere, hala aplikatu zen poligonoko gainontzeko kaltetutako jabe guztiekin. Baina salbuespena hauxe izan zen. Gainera, gainontzeko jabeak doako lagapenak egin behar izan zituzten, berriz, jabe honi ordaindu egin zitzaion. Ez al ziren guztiak berdin lege beraren aurrean? Zergatik bati irizpide bat eta gainontzekoei beste bat? Eta zergatik batzuk dohainik lagapenekin eta zegozkien txostenekin eta beste batzuk Udalak ordaindu behar izanda eta txostenik gabe?

Gainera, lurjabe horri ustez ezarritako eraikuntza mugaren ondorioz galdutako m2engatik Zabalak beste partzela batean eraikitzeko aukera ematen zion hitzarmenean. Hori bai, partzela horretako lurjabeak aurretik egoera eta tratua ezagutu eta onartu gabe.

Azken finean, hau izan da Udalak jaso dituen epaien muina: hitzarmenak ez du baliorik (beste sententzia guztiek adierazi bezala), baina Elgopebik bere konpromisoa bete zuenez (bere onurarako besterik izan ez zen errepidea egiteko lurra lagatu izana) eta Zabalak ez zionez eman sinatutako eraikigarritasuna, udalak kalte-ordainak ordaindu behar ditu.

1996 urtea: Hauteskundeak pasata Mikel Zabala alkate da berriz ere eta gehiengo osoa edukita ere hitzarmena ez da Plenotik pasatzen. Elgopebiko ordezkariak hitzarmena betetzea eskatzen dio Udalari. Mikel Zabalak legegintzaldi osoa edukita ere ez du hitzarmena betetzen.

1999 urtea: Aldaketa iritsi da Udalera eta Euskal Herritarrokek du alkatetza. Elgopebiko ordezkariek berriz ere hitzarmena betetzeko eskatzen dute, baina, nola beteko du Udalak onartuta ez dagoen hitzarmen bat eta orain arte existitzen zela ere ez zekitena? Gobernu taldeak alkate ohiari Plenoan galdetu zion gai honengatik eta Zabalak zera erantzun zuen: egunen batean zerbait gertatzen bada, ni izango naiz arduraduna.

2000 urtea: Lurraren jabeak epaitegietara eramaten du gaia. 2003an iristen da lehen epaia eta helegitea aurkezten du Udalak.

2003 urtea: H1! eta EAJ daude udal gobernuan berriz eta helegitearekin jarraitzea erabakitzen dute.

2006 urtea: EAEEGk (TSJPV) helegitea ebatzi eta bere epaiean hitzarmena baliogabetzat jotzen du. Zabalak hori sinatzeko eskumenik ez zuela esaten badu ere, lurjabeak errepidea Udalari lagatu dionez (nahiz eta errepidea Udalak berak urbanizatu eta ordaindu duen) Udalak bere zatiarekin bete behar duela dio. Ondorioz Udala kondenatzen du 415.896,24 euroko kalte ordaina ordaintzera. Udal gobernuan H1! eta EAJ.

2011 urtea: H1! eta EAJ, gaur egunean oposizioko bozeramaile diren Bixente Arrizabalaga eta Zorione Etxezarraga udal gobernuan. 5 urte izan dituzte epaia betearazteko, baina ez dute ordaindu. Elgopebik epaia betearazteko eskatzen du eta 5 urte hauetako atzerapenarengatik interesak ordaintzeko eskatzen du. Beraz, 415.896,24 eurokoko kalteordainari, 146.298,63 euro gehituko zaizkio azken fakturari atzerapenarengatik. Astigarragako Udalak 562.194,87 euro ordainduko dizkio Elgopebiri legez egokitzen ez zitzaizkion asmatutako eraikigarritasunagatik eta Zabalak `kontratua´ sinatu zuenean sortu zituenak. Agintean egonda eta ordainketa egiteko epaitegiaren agindua izanda, zergatik ez zuten kalte-ordaina behar zen momentuan ordaindu? Zeri begira geratu ziren?

Hori horrela, eta ordainketa bai ala bai egin behar zenez, oposizioko taldeak, PP, PSE-EE eta EBk Plenoan eskatzen dute Udalak ikerketa urgente bat abiaraztea, baina H1!en kontrako botoarekin, eta udal hauteskundeak gertu zeudenez EAJk emandako abstentzioari esker ikerketa ez irekitzea onartzen da.

Hilabete batzuk geroago, hauteskundeak datoz eta EH Bilduk lortzen du gehiengo osoa eta bide berri bati ekiten dio.

Gobernu talde honek, `acción de regreso´ deritzon ekimena abian jarri zuen Udalak pairatu zuen 562.194,87 euroko kaltearen ardura norena zen argitzeko. Udal arkitektoaren agindupean, arlo juridiko eta urbanistikoko Udaletik kanpoko adituek egin zuten ikerketa eta ondorioztatu zuten Mikel Zabalarena zela galera ekonomiko horren ardura. Aukera baliatuz eta ardurari muzin egin gabe, sortutako galera hori Mikel Zabalak ordain zezala erabaki zen, honek gaia epaitegira eraman zuelarik.

Bide honi ekin genionean bagenekien ez zela erraza izango eta traba ugari aurkituko genituela, lehen esan bezala, sistemak zirrikitu asko irekitzen dizkiolako ustelkeri eta inpunitateari. Azken egunetan gezur asko zabaldu dira kasu honen inguruan. Besteak beste Udalak aurrera eraman duen ustezko enbargu batena. Udalak, epaileak hala baimenduta, aukera zuen enbargora eta enkantera jotzeko, Mikel Zabalak epaileak agindutako abala jarri ez zuelako, baina berriz ere arduraz eta zuhurtziaz jokatuz, Zabalaren ondasunen anotazio prebentiboak (anotaciones preventivas) besterik ez ziren egin. Beraz, Mikel Zabala bere ondasun guztiekin disfrutatzeko aukera izan du prozesu honetan guztian.

Elgopebi kasuaren azken epai honek gauza bat argi utzi du: inpunitateak berriz ere bisitatxoa egin duela Astigarragako Udaletik. Auzi guzti honetan doakoa izan ez den gauza bakarra Udalak, eta ondorioz Astigarragako herritar guztiok, ordaindu behar izan dugun 562.194,87 euroko faktura hori izan da. Gazte, heldu, langabetu,... denon artean ordaindu ditugu alkate ohi baten gehiegikeriak, eta Udalera ekarri gaituzten printzipio horien kontra joatea litzateke Udalak pairatutako galera ekonomiko arduragabe horren kontra ez egitea.

Dena den, Udalak aukera du azken epai honi helegitea jartzeko eta epaiaren azterketa bukatzerakoan erabakiko dugu aurrera jarraitu ala ez.

 

Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Elgopebi kasuaren azken epaiaren aurrean Gobernu Taldearen oharra