Gomendatu Inprimatu

Errefusaren karakterizazioak berriz erakutsi du astigartarrek modu egokian sailkatzen dituztela hondakinak

[Ostirala, 26 Iraila 2014 10:33]

*IDEMAK egin du Astigarragan atez ate biltzen den errefusaren azterketa eta datuen arabera, Astigarragan sortzen diren hondakin berrerabilgarrien %90a baino gehiago zabortegian ez amaitzea lortzen dute astigartarrek.

Errefusaren karakterizazioaren txosten osoa hemen sakatuta.

Errefusaren karakterizazioa Idema enpresak egin du Astigarragako Udalak eskatuta. Azterketa egiteko martxoa eta apirilan zehar 14 lagin jaso dira herriguneko, komertzioetako eta larrialdi guneetako errefus bilketatik. Idemak prestatutako ondorioen txostena Udaleko web orrian dago ikusgai.

Atez ateko gaikako bilketa martxan jarri zenetik datuek behin eta berriz berretsi dute Astigarraga norabide onean doala hondakinen kudeaketan. Hilabetero ikus daiteke gaikako bilketaren datua %80tik gora dagoela, eta gainera, 2014ko lehenengo sei hilabetekoan Astigarragak bere hondakinen %85 baino gehiago jaso ditu gaika.

Zer esan nahi du hondakin frakzioak karakterizatzea? Hondakin hori jasotzen den edukiontzia ireki, hustu eta bertan zer dagoen ikusi eta aztertzea. Kasu konkretu honetan, errefusa da karakterizatu dena, hau da herritar, komertzio eta ostalaritza establezimenduek dagokion egunean ateratzen duten edukiontzi grixa aztertzea.

Errefusa birziklatzen ez den atala da eta oso garrantzitsua da atal horretan zer nolako hondakin motak botatzen ditugun jakitea. Udalak bi helburu ditu, batetik errefusa ahalik eta kopuru gutxiena izatea eta bestetik errefusean doana, (zabortegian bukatzen duena), ahalik eta garbiena izatea; hau da, errefusak organikorik, ontzi arinik eta papera eta kartoirik ez izatea, frakzio guzti horiek birziklagarriak direlako.

Astigarragak beste behin jarrera eredugarria duela erakutsi du gai honetan. Errefusarekin, organiko guztiaren %6, ontzi arinen %8, papera eta kartoiaren %6 eta beiraren %2 jasotzen dira soilik, beraz, Astigartarrek hondakinetara botatzen dituzten hondakin berrerabilgarrien %90etik gora zabortegira zuzenean ez bidaltzea lortzen da. Guzti hau orain urte t'erdi atez ateko gaikako bilketa sistema martxan zenetik.

Hondakinen %90 berriz ere birziklapenaren zirkuitoan sartzen da eta Udalaren helburua da orain datu hori hobetu eta pixkanaka-pixkanaka %100era iristea.

Karakterizazioaren azterketak eman dituen emaitzak oso onak badira ere badaude hobetzeko puntuak. Idemak bi azpimarratu ditu:

- Aztertutako komertzio eta ostalaritza establezimenduetako errefus laginetan, %21 organikoa atera zen. Horren arrazoiak aztertzen ari da Udala ostalariekin batera etorkizunean datu hori hobetzeko asmoz.

- Errefusa osatzen duten materialen artean pardelak eta ehunak nagusitzen dira (errefusaren %65 gutxigora behera). Frakzio hau errefusetik nola atera da orain erronka.

Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Errefusaren karakterizazioak berriz erakutsi du astigartarrek modu egokian sailkatzen dituztela hondakinak