Gomendatu Inprimatu

Andoni Gartzia: "Ez dago epaiketa politikorik, ondare publikoaren erabilera arduragabea baizik, eta horregatik apelazioarekin aurrera jarraitzea erabaki degu"

[Osteguna, 09 Urria 2014 13:14]

Andoni Gartzia, Astigarragako alkateak, Elgopebi kasuaren azken nobedadeak azaldu ditu prentsaurrekoan, tartean, gobernu taldeak azken epaia errekurritzeko hartutako erabakia:

Prentsaurreko elgopebi 3 txiki

Prentsaurrekoa bideoan ikusteko sakatu hemen

Prentsaurrekoan irakurritako testua:

Orain dela aste batzuk Elgopebi kasuaren epai berri bat argitaratu zen. Zehazki, Astigarragako Udalak aurrera eramandako "acción de regreso" delakoaren ondorioz Mikel Zabala alkate ohiak jarritako helegitearena. Epaitegiak Udalak jasandako kalte ekonomikoak Mikel Zabalari erreklamatzeko bidea baztertu zuen eta 15 eguneko epea jarri zuen apelazioa egiteko.

Udal gobernu taldean, Udalaren zerbitzu juridikoen laguntzarekin, epaia aztertzen aritu gara asteotan eta erabaki dugu apelazioarekin aurrera jarraitzea. Horretarako astelehenean (urriak 6) Donostiako "contencioso-administrativo" epaitegian helegitea jarri genion epaiari Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEJAN/ TSJPV) erabaki dezan.

Elgopebi auziak hautsak harrotu ditu 1995ean Mikel Zabalak hitzarmen famatu hori sinatu zuenetik. Kasu horren ardurak prozedura administratibo legal, legitimo eta independiente batek ezarri zituen, Udal arkitektoaren zuzendaritzapean eta oniritziarekin, eta dagozkion berme juridiko, tekniko eta legal guztiak beteaz. Beraz zenbaitek aurkakoa irudikatu eta salatu nahi izan badute ere, ez gaude ez epaiketa ezta mendeku politiko baten aurrean. Arduragabekeriari erantzunkizunak bilatzen eta eskatzen baizik; ez gutxiago eta ez gehiago.

Bide batez, guk bai salatu nahiko genukeela zenbait alderdik gai honen inguruan egin duten manipulazioa. EH Bilduren epaiketa politikoa dela adierazi dute behin eta berriz aste hauetan Astigarragako H1! eta EAJk, eta gogorarazi nahi diegu kasu hau ikertu eta ardurak banatzeko ekimena, EH Bildu existitzen ere ez zenean, PSEk, EBk, PPk eta zenbait herritar eta elkartek abiarazi zutela. Baina orduan, H1! eta EAJk osatutako blokeoa eta ezezkoarekin aurkitu ziren. Zergatik ez zuten EAJk eta H1!-ek gutxienez ikerketa bideratu? Zerbaiten beldur agian? Udal gobernura iristean gure programan jaso eta herritarrei agindu geniena, eta gure oinarrizko printzipioei jarraituz, kasua ikertzeko prozedura abiatu, eta posible bazen, ardurak banatzeko asmoa azaldu genuen. Hau da, gure hitza bete genuen. Eta orain ere, orduan bezala, berdin pentsatu, sentitu eta egingo dugu. Izena edo afiliazio politikoek ez dute zerikusirik hemen. Berdin du Antton Arka, Martin Zaharra, Mikel Zabala, Eli Laburu, Bixente Arrizabalaga edo Andoni Gartzia izan, udal diru eta ondarearen erabilera arduragabea eta negligentea egiten duenak jaso beharko du ereindakoa. Hori da legezkoa eta batik bat justua dena.

"Accion de regreso" delakoak oso argi utzi zuen Elgopebi auzia, eta guk ondorio horiekin bat gatozela beste behin adierazi nahi dugu.

Oraindik ere, erantzun gabeko galderak baititugu mahai gainean. Besteak beste, honakoak:

- Zergatik Mikel Zabalak inongo txostenik gabe onartu zuen hitzarmen hura, egun berean plenoan beste hiru hitzarmen onartu bazituen zegozkien txostenekin eta guzti?

- Zergatik aitortu zitzaion Elgopegiri kalteordain bat inongo oinarri edo indarreko araudiak aurreikusten ez bazuen? Are gehiago, zergatik Elgopegiri bai eta besteei ez?

- Zergatik ordaindu genuen astigartar guztiok doan izan behar zuen bide batengatik?

- Zein onura ekarri dizkio bide horrek poligonoari? Elgopegiri lokal gehiago egiteko aukera eman zizkion. Beraz, herritarron onurarako edo Elgopegiren onurarako?

Mikel Zabalak txosten teknikorik gabe eta ezkutuan sinatu zuen enpresari batekin kontratu bat; Astigarragako Udalaren osoko bilkurak inoiz aztertu eta onartuko ez zuena. Kontratu honek ondorio latzak ekarriko zizkion Astigarragako Udalari: enpresari honi kalteordain eskubide batzuk sortu eta asmatu zitzaizkion Zabalaren sinadurari esker, eta hauek eskatzerakoan epaitegiek 415.896,24eko kalte ordaina jasotzeko eskubidea onartu zioten. Gero H1! eta EAJren udal gobernuek beste 146.298,63 euroko interesak sortuko zituzten garaian ez ordaintzeagatik. Oker dabiltza, guk ondare publikoa defenditzen jarraituko dugu, esku artean ditugun tresna guztiak erabiliaz.

Guztira 562.194,87 euro ordaindu ditu Astigarragako Udalak astigartar guztion diruarekin Mikel Zabalak modu arduragabean sinatutako kontratuaren ondorioz. "Acción de regreso" delakoaren ondorioek diote alkatearen negligentzia existitu zela eta guk ere hala izan zela uste dugu.

Badakigu zaila dela emaitzak lortzea ez baitago jurisprudentziarik arlo honetan, izan ere Astigarragako Elgopebi auziaren "accion de regreso" da estatu mailan eman den lehenengoa.

Apelazioaren oinarria epaileak kasuaren, eta "accion de regreso" delakoaren, muina aintzat hartu ez duela da. Hau da, epaileak aurreko epaiak, eta ondorioz hitzarmenaren baliogabetasuna, onartu baditu ere, ez du aztertu hitzarmena bera, eta hau sinatzeko prozedura. Negligentzia hitzarmenaren sinaduran dagoenez, hori aztertzeko eskatzen dio bereziki apelazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari (EAEJAN/ TSJPV), beste hainbat arrazoiren artean. Sar dadila hitzarmenean sakonki aztertzera.

Udal administrazioen ordezkarien erantzukizun oinarria ukaezina da gure ustez. Ordezkariek beste edozein herritarrek bezala erantzun behar dute, kasu honetan, kudeaketa arduragabearen ondorioei. Herritarrek administrazio publikoek sortutako kalteen aurrean ordaina jasotzeko eskubidea ukaezina den moduan, era berean, ordezkari publiko batek bere gehiegikeria eta negligentziarekin sorturiko kalteak guztion artean ez ordaintzeko eskubidea dugu herritar guztiok.

Epaiak epai, kasu honetan zuzen jokatzen ari garenaren uste sendoa dugu, gardentasun osoz eta herritarron interes orokorrak defendatzen. Pertsona guztiak legearen aurrean eskubide berdinak ditugula uste dugu eta horren aurrean zein kargu edo ordezkaritza dagoen ez duela inporta. Herritarrei, beste behin ere, edozein zalantzaren aurrean udalaren ateak parez pare irekita dauzkatela gogorarazi nahi genieke auzi honek, edo beste edozein gaik, sor ditzakeen zalantzak argitzeko.

Administrazio publikoan gaudenok, ezin dugu inpunitatea edo arduragabekeria babestu edo sustatu edo beste modu batean esanda, EAJk eta H1!k aurreko batzarrean esan bezala “ezer ez gertatu denarena ”egitea erabat onartezina da. Kudeatzaile publikoak eredu izan behar gara herritarren aurrean eta duda izpirik gabe, gure oinarri demokratiko eta ardura publikoei jarraituz, guztiona dena defendatzen jarraituko dugu.

 

Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Andoni Gartzia: "Ez dago epaiketa politikorik, ondare publikoaren erabilera arduragabea baizik, eta horregatik apelazioarekin aurrera jarraitzea erabaki degu"