Gomendatu Inprimatu

Genero indarkeriaren aurkako mezuekin 500 metroko bufanda erraldoia zabalduko dute azaroaren 22an Astigarragan

[Asteartea, 18 Azaroa 2014 12:41]

* `Indarkeria sexistaren aurkako MATAZAK´ ekimenaren puntu gorena izango da, Astigarragako Udaleko berdintasun sailak eta haurralde fundazioak eta Harituz elkarteak antolatuta.

*16 herrialdeetatik igorritako zatiekin osatu dute bufanda eta Astigarragan genero indarkeriren aurkako aldarriaren inguruan herri osoa inplikatu nahi izan dute.

* Kordobako elkarte feministek 500 metroko bufanda zatia bidali dute eta garaiz iritsiko balitz Astigarragako bufandak kilometro bateko luzera izango luke.  

Andoni Gartzia – Astigarragako alkatea

"Asteburu honetan `Indarkeria sexistaren aurkako MATAZAK´ ekimena momentu gorenera iritsiko da, Astigarragan. Munduko hamaika txokotara zabaldu den ekimena da hau, hainbat bolondresen dedikazioari esker genero indarkeriaren aurkako aldarria ozen zabaltzeko aukera emango diguna. Emakumeen kontrako indarkeria mundu osora zabaldurik dagoen gaitza da eta Astigarragan, ekimen honen bitartez, gure ekarpena, xumea bada ere, egin nahi diogu borroka honi.

Gai honetan gure konpromisoa erabatekoa da, bai Astigarragako Udalarena eta baita ere Astigarragako herritarrena. Horren adierazle berdintasun zinegotziaren eta bere sailaren lau urte hauetako lana. Berdintasun sailaren dedikazioa eskertzekoa da eta urte hauetan egindako lana, txalotzeko modukoa.

Astigarragako eta inguruetako herritarrak gonbidatu nahiko nituzke larunbatean gurera hurbiltzeko, gurekin batera indarkeria sexistaren aurkako aldarria ahalik eta ozenena bihurtzeko. Baita ere, azaroak 25ean, genero indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean Astigarragako Udaletxearen aurrean edo beste hainbat puntutan egingo diren konzentrazioan partea hartzera.

Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu Harituz, Haurralde eta Emakunderi, ekimen honen antolakuntzan eskainitako laguntzarengatik. Eskerrak baita ere antolakuntzan lagundu duten Astigarragako herritar eta elkarteei.

Isabel Otero – Astigarragako berdintasun zinegotzia

Gaur, egun handia da guretzat, izan ere, geroz eta gutxiago falta da azaroaren 22ko egun garrantzitsurako. Egun horretan hainbat eta hainbat ordu bete dizkigun `Indarkeria sexistaren aurkako MATAZAK´ ekimena gorenera iritsiko da. Larunbatean proiektuaren jaia ospatuko dugu eta munduko hamaika txokotik indarkeria sexistaren kontrako aldarria egiteko igorri dizkiguten bufanda zati guztiak batuko ditugu bufanda erraldoi batean.  

`Indarkeria sexistaren aurkako MATAZAK´ ekimena pasa den urte amaieran abiatu genuen, Udalaren berdintasun sailak martxan jartzen lagundu duen beste ekimen batzuen baitan. Emakumeen ahalduntzean (empoderamiento) sakontzea helburu zuten esperientziaren eta berdintasunaren eskolan hainbat emakume biltzen ziren ehuntzen ikasteko asmoz, eta Haurraldeko kideekin egindako bilera batzuetan sortu zen genero indarkeriaren aurkako mezuekin egindako bufanda erraldoi bat egiteko ideia.

Lan handiko hilabeteak izan dira, bufanda egiten eta hainbat bide erabilita proiektua zabaltzen eta munduratzen aritu garena. Gure aurreikuspenen arabera Astigarragako Udalaren fatxadan genero indarkeriaren aurkako 500 metroko bufanda zabaltzea lortuko dugu azaroaren 22an. Larunbatekoa ekitaldiz betetako egun handia izango da baina ez da proiektuaren amaiera izango. Gure aldarrikapena ozen zabaldu eta gero, beste pausu bat emango dugu eta bufanda zati horiek desegin eta mantetan bihurtuko ditugu behar gehien dutenen artean banatzeko.

Esan bezala, larunbatekoa ekitaldiz betetako eguna izango da, eta helburu bakarra izango du: indarkeria sexistaren aurkako aldarrikapenak bistaratzea. Goizeko 10:00etan azken bufanda zatiak elkartu eta bufanda Astigarragako udaletxearen fatxadan zabalduko dugu. 10:30etan Jone Arrospideren eskutik Yin Tao tailer irekia egongo da eta 11:00etan Emakunderen autobusak bere ateak zabalduko ditu. Bertan, Haurralderen dinamizazioarekin, genero indarkeriaren inguruko laburmetraiak izango dira ikusgai. Haima eta tailer ezberdinak izango dira Astigarragako Foru plazan, ekitaldi guztiak ospatu diren tokian, eta Emakunderen autobusak ateak zabalduko dituen ordu berean musika ea dantza emanaldia hasiko da, Chatvaari Sundari (Bollywood), Aldeia de Bambas (Capoeira) eta Astigarragako Norberto Almandoz musika eskolako Berak taldearen eskutik. Eguerdian ekitaldi nagusia izango da. Andonik egin bezala ekitaldietaz gozatu eta genero indarkeriaren gaitzespena gurekin batera egiteko deia luzatu nahi diot jende guztiari.

Gure ekimenarekin bat egin eta genero indarkeriaren kontrako mezuekin bufanda zatia bidali duten pertsona eta kolektibo guztiei besarkada eta agur bero bana bidaltzeko aprobetxatu nahiko nuke momentu hau. Euskal Herriko probintzia ezberdinetatik bidali dizkigute zatiak eta baita ere munduko hainbat tokietatik:

-   Ingalaterra

-   Frantzia

-   Mexiko

-   Portugal

-   Polonia

-   Espainia (komunitate guztietatik)

-   Errumania

-   Belgika

-   Alemania

-   Italia

-   Errusia

-   Austria

-   Tunisia

-   Argentina

-   Ekuador

-   Suedia

Proiektu honen bitartez aldarrikapen hau iristaraztea zailagoa izaten den kolektiboetara heltzea lortu dugu, adibidez, ikastolara edo jubilatu eta adinekoengana. Astigarragako kolektibo eta talde guztiek egin dute bat ekimenarekin eta aste hauetan aldarrikapen honen harira antolaturiko ekitaldien antolakuntzan lagundu digute; herriaren zati handi bat inplikatu da MATAZEKIN. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin, Astigarragan genero indarkeriaren aurkako aldarrikapena bistaratu eta zabaldu dugu!  

Bide guzti hau ez dugu bakarrik egin. Lehenik eta behin Harituz elkarteko eta Haurralde fundazioko kideei eskerrak eman nahi genizkieke `Indarkeria sexistaren aurkako MATAZAK´ ekimenaren antolakuntzan gurekin batera aritzeagatik. Emakunderi ere eskerrak eman nahi dizkiogu emandako laguntzagatik. Lanas Katiari gure eskerrik beroena bufanda egiteko materiala uzteagatik. Eta, nola ez, Astigarragako kolektibo eta elkarteak izan nahi ditugu gogoan, `Indarkeria sexistaren aurkako MATAZAK´ eta genero indarkeriaren nazioarteko egunaren harira antolatutako ekitaldi guztiak antolatzea ezinezkoa litzatekeelako beraiek gabe.   Eskerrik asko zuen laguntza eta eskuzabaltasunarengatik!"

-   Astigarragako Gazte Asanblada

-   Mundarro K.E.

-   Galtzaur Elkartea

-   Gure Izarra

-   Norberto Almandoz musika eskola

-   Astigar

-   Astigarte

-   AEK

-   Gazte Lokala

-   Xagu Xar

-   Aiztondo abesbatza

-   Astigarragako sagardogileak

-   Astigarragako tabernariak

-   Astigarragako merkatariak

MATAZAK udaletxe txikia

Astigarragako udaletxearen fatxada larunbatean zabalduko den bufandaren zati bat dagoeneko eskegita dagoela

matazak Udaletxe 3

Prentsaurrekoko irudia

MATAZAK kordoba

Kordobatik bidali duten argazkia. bertako elkarte feministek 500 metrootik gorako bufanda zatia bidali dute azken orduetan eta iritsiko balitz Astigarragako bufandak kilometro batetik gorako luzera izango luke

 

Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Genero indarkeriaren aurkako mezuekin 500 metroko bufanda erraldoia zabalduko dute azaroaren 22an Astigarragan