Gomendatu Inprimatu

Kiroldegiko eraberritze lanetarako lehiaketa martxan

[Asteartea, 10 Martxoa 2015 09:59]

*296.406,37€-ko aurrekontua izango dute lanek eta aldagelak, aireztapen sistemaren zati batzuk eta korridoreetako zoruak berrituko dira, besteak beste.

* Kiroldegiko berritzearen lehenengo fasea izango da hau, eta datozen urteetarako berritzearekin segitzea aurreikusten da, Foru Aldundiak emandako diru laguntzarekin eta Udalak egiten duen ekarpenarekin.

Astigarragako kiroldegiaren berritze eta berregituratzea martxan dago. Astigarragako Udaleko Plenoak abenduan onartu zuen lehenengo faseko lanak martxan jartzeko lehiaketa abiaraztea, eta orain, behin lehiaketa abiatuta, martxoaren 28ra arte dute epea interesa duten enpresek bere eskaintzak aurkezteko.    

Lehenengo fase honetan hainbat lan burutuko dira, eta, seguraski, aldagelen berritzea izango da garrantzitsuena. 2011an berritze-lanak egin ziren Kiroldegiko aldageletan, baina, Udalaren irizpideak kontuan hartu gabe egin ziren. Orduan egindako akats larriak konpondu eta erabiltzaileen behar berriei erantzuteko asmoarekin egingo da eraberritzea. Aldagelak bere osotasunean eraberrituko dira, dutxa gehiago jarriko dira komun batzuk kenduta, aireztapen sistema ere berrituko eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz desgaitasunen bat duten pertsonek erabiltzeko egokituko dira.

Aldageletan egin beharreko lanez gain, gimnasioan ere aireztapen sistema hobetuko da, Kiroldegiko eraginkortasun energetikoa areagotzeko asmoz eguzki plakak jarriko dira dutxetako eta igerilekuko uren aurre beroketa egin eta energia kontsumoa murrizteko, ur hodi sarea berrituko da ez dagoelako egoera onean eta korridoreetako lurra aldatuko da gaur egunean dagoena oso labainkorra delako.

Eraberritzea, LKSk egindako diagnostikoan eta azpiegitura eta zerbitzuen parte hartze prozesuan erabiltzaileek egindako eskaeretan oinarritua

Kiroldegia berritzearena erabiltzaileen eskaera orokortua zen, 2013an Udalak egindako Azpiegitura eta Zerbitzuen inguruko parte hartze prozesuan argi geratu zen bezala. Egin beharreko eraberritzean lehentasunak finkatzeko, Udalak LKS enpresari eskatu zion Kiroldegiaren diagnostiko orokorra egitea. Lehentasunak finkatuta, Aldundiari dirulaguntza eskatu zitzaion Udalak egiteko aukera zuen ekarpenarekin lanak martxan jartzeko. Orain, esan bezala, zenbait berrikuntza egingo dira eta datozen faseetarako utziko da berregituratzea. Berregituratzearen asmoa da Kiroldegiko espazioa hobeto aprobetxatu eta gaur egun erabiltzaileak dituzten beharretara egokitzea, besteak beste, gimnasioa edo administrazioko bulegoak lekuz aldatuta. Bigarren fase honetako proiektua aurten idaztea aurreikusten da, 2016an lanak egin ahal izateko.

Kiroldegia TXIKIA

Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Kiroldegiko eraberritze lanetarako lehiaketa martxan