Gomendatu Inprimatu

Ikastolako handitze lanak hasi dira aste honetan

[Larunbata, 14 Martxoa 2015 10:52]

+ 10 hilabeteko iraupena izango dute lanek eta eraikin berria bukatzerakoan Atigarragako herri eskolak 6 ikasgela, balio anitzeko areto bat eta jangela berri bat izango ditu.

+ Ikastolak gaur egunean dituen eta etorkizunean sortuko diren beharrak asetzea espero da dira handitze honekin.

Astigarragako Ikastola handitzeko lanak aste honetan hasi dira eta aurreikusitako epeak betetzen badira, 2016ko otsailean amaituko dira lanak. Hala ere, 3 ikiasgela 2015/16 ikasturte hasierarako prest egongo dira Udalak hala derrigortuta. 6 ikasgela, balio anitzeko areto bat eta jangela bat lortuko dira handitzearekin, Astigarrako Herri Eskolak urte luzeetan salatutako espazio faltaren arazoari ustez irtenbidea emango diona. Ikastolak espazioa irabaziko du eta gainera Udalaren beste zerbitzu eta herriko beste elkarteentzako espazio aukerak areagotuko dira Kiroldegiko jangela eraikin berrira pasatuko delako.

Urte luzeetako aldarrikapena izan da espazio faltarena, eta hemendik gutxira arazo horrekin amaituko bada ere, gauza on guztiek izaten dute bere alde txarra eta orain horri egin beharko diete aurre ikastolara doazenek eta inguruko bizilagunek; hain zuzen, horrelako obra handi guztiek dakartzaten deserosotasunei egin beharko diete aurre ikasle, guraso, irakasle eta herritarrek. Hauek dira obra hauek ekarriko dituen deserosotasun eta eragozpen nagusiak:

-   Kamioien sarrera eta irteerak direla eta ezingo da eskolako ingurura hurbildu kotxearekin Ikastolako sarrera-irteera ordu nagusietan. Horren ondorioz Santio bidea itxita egongo kotxeentzako, ordu hauetan: 08:45-09:15 // 11:45-12:15 // 14:15-14:45 // 16:15-16:45

-   Kamioiek kiroldegi eta Ikastola arteko pasabidetik egingo dituzte obra eremurako sarrera-irteerak, eta horren ondorioz pasabide hau ITXI egingo da trafikora, bertako bizilagunentzat izan ezik.

-   Obrako garabia ikastolako jolastokian jarriko da. Inguruko eraikinetako bizilagunek oso hurbil ikusiko badute ere beharrezko segurtasun neurri guztiak hartu dira.

- Tamaina honetako obra guztietan egiten den bezala, eta bereziki, haurrak ibiltzen diren ingurune batean egingo direnez, segurtasun neurriak jartzerakoan arreta berezia jarriko da. Hala ere, eremu honetan kamioien trafiko handia egongo dela gogoan izan beharko da eta arreta berezia jarri beharko da, bereziki, umeekin ibiltzerakoan.

Astigarragako Udalak bere poza azaldu nahi du urteetako beharrari irtenbidea emango zaiolako proiektu honekin. Azkenean hasi dira lanak eta dagoeneko Astigarragak merezi duen eskola begi bistan dugu eta Astigarragan kalitatezko hezkuntza publikoa izateko bidean aurrera goaz.

Astigarragako Udalak handitze hau aurrera atera ahal izateko egindako esfortzua ekarri nahi genuke gogora beste behin ere. Udalak 493.290,23 euro jarriko ditu eta Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu beste 739.920,35 euroak (40%-60%). Guztira 1.233.200,58 euro. Dagoeneko Eusko Jaurlaritzak 304.000 euro eman ditu eta gainontzekoa oraindik ez dago ofizialki baina bai modu ofiziosoan ziurtatua eta epe motzean ebatziko da.

Hezkuntzako azpiegituretan inbertsioak egitea Udal eskumena ez bada ere, Astigarragako Herri Eskolan zegoen arazoari irtenbideren bat bilatzea ezinbestekoa zen. Eusko Jaurlaritzak 2020ra arte handitzea egiteko asmorik ez zuela aditzera ematerakoan, Udalak finantziazioan parte hartzeko erabakia hartu zuen, handitzea ez bazen egiten Astigarragako Herri Eskolak etorkizun oso iluna izango zuelako. Modu honetan proiektua aurrera ateratzea lortu da, nahiz eta aurretik esan bezala, hezkuntza azpiegituretan inbertitzea ez den Udalaren eginbeharra.

Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Ikastolako handitze lanak hasi dira aste honetan