Inprimatu

Tokiko Gobernu Batzordeak Haur Eskolak erabiltzeko lokal bat alokatzea onartu zuen ostiralean

[Azteazkena, 01 Apirila 2015 08:10]

* Egokitze lanak eginda, irailean erabiltzeko prest egotea aurreikusten da

* 3 urteetarako alokairu kontratua sinatuko da eta orduan lokala erosteko aukera izango du Astigarragako Udalak

Haur eskola lokal berria TXIKIA

Haur Eskolak erabiltzeko Udalak alokatuko duen lokala

Ikastolarekin gertatuko den bezala, Haur Eskolaren espazio arazoak epe motzean gutxituko dira. Tokiko Gobernu batzordeak ostiralean (martxoak 27) onartu zuen Haur Eskolak erabiltzeko lokal berri bat alokatzea. Lokala, Nabarra OInatz kalean dago kokatua, 3 eta 5 zenbakien artean, Haur Eskolaren jatorrizko lokaletik 25 metrora. Orain umeak bertan egoteko egokitze lanak burutuko dira eta irailerako prest egotea aurreikusten da. Beraz, ikasturte berrirako, Haur Eskolak gaur egun erabiltzen duen lokalaz gain beste lokal berri hau erabili ahal izango du.

Haur eskolak pairatzen duen espazio falta arazoa guraso eta hezitzaileen aldarrikapena izan da azken urteotan. Astigarragako azpiegitura eta zerbitzuen inguruko parte hartze prozesuan eztabaidatu zen gaia eta Gobernu Taldeak konpromisoa hartu zuen arazoari irtenbideren bat bilatzeko. Lokal hau alokatuta konpromisoa beteko du Gobernu Taldeak.

Astigarragako Udalak 3 urterako alokairu kontratua sinatuko du, eta hilabetero 800 euro ordainduko ditu lokalarengatik. Hiru urte horiek pasata lokala erosteko aukera izango du 215.561 euroko prezioan. Erosketa burutzerakoan, eta Udalak duen lokal faltaren ondorioz Nabarra Oinatz kaleko lokal hau erosteko asmo sendoa dago, prezio horri alokairuko 3 urteetan ordaindutako kopurua kenduko litzaioke.

Haur Eskola Urumea Berrira lekualdatuko da etorkizunean

Alokairu kontratuaren 3 urteak pasatzen direnerako espero da Udalak Haur Eskolari kokapen berria emateko aukera izatea. Urumea Berrin 800 m²ko lokal berri bat eskuratuko du Astigarragako Udalak, promotorak urbanizazioarekin aurrera egin ahala entregatuko duena; eta Haur Eskola zerbitzua bertara mugituko da.

Nabarra Oinatz kaleko lokal berria erosita, eta Haur Eskola Urumea Berrira mugituta, Astigarragako erdigunean bi lokal izango lituzke Udalak herriko eragileei edo beste beharretara bideratzeko. Udalak herritarrek horrenbestetan eskatutako 0-3 urte bitarteko umeentzako ludoteka jartzeko aukera aztertuko luke orduan, orain alokatu eta etorkizunean eros daitekeen lokal honetan.

FaLang translation system by Faboba